2016(e)ko otsailaren 10(a), asteazkena

TOLOSAKO INAUTERIAK


Bazkide batek bi andre gonbidatu zituen, eta beste kideak joan egin ziren.
Tolosan, 30 elkarteetatik 15k andreak onartzen dituzte.
Ostegun gizen eguna, inauterien hasiera dute gaur Tolosan (Gipuzkoa). Jai giroaren eta txarangen artean, afariak izango dituzte elkarte gastronomikoetan. Baina ez dute denek joateko aukera izango. Gaur afaltzen ez dituzte emakumeak onartzen elkarte guztiek. EAEko Arartekora iritsi da kasu baten berri: elkarte gastronomikoko arauak betez bi emakumerekin afaltzera joan zen bazkide bat, eta gainerako guztiek alde egin zuten. Ebazpen bat atera du Arartekoak, eta Tolosako Udalari eskatu dio horrela jokatzen duten elkarteei ez emateko inolako diru laguntzarik. Halakoak saihesteko neurriak hartzeko ere eskatu dio.

Gure Kaiola elkarteari dagokio Arartekora iritsi den salaketa: ostegun gizen egunez ez ditu andreak afaritan onartzen. Joxemari Arakama bazkideak jo du Arartekoarenera. Bide luzea egin du aurretik. Eta antzua. 2007ko urtarrilean jarri du hasiera. «Batzarrean eskatu nuen bukatzeko emakumezkoei ostegun gizen egunean sarrera debekatzearen praktika. Beste egunetan ez zeukaten debekatuta». Ez zioten proposamena onartu, baina aldaketak egin zituen zuzendaritzak, «iskanbila ikusita». Ordura arte, bazkide bakoitzak zerrenda batean jartzen zuen gonbidatu bat edo bi eramango zituen afaltzera —beti gizonak—; ordutik aurrera, kopurua ez, gonbidatuen izen-abizenak jarri behar zituzten. «Helburua zen, noski, emakumeak atzematea». Beste pauso bat ere egin zuten: «Izen-ematearen ondorenerako, beste hiru eguneko epea jarri zuten, listatik ezabatzeko».


Arau hori kentzeko eskatu zuen Arakamak hurrengo urteko batzarrean. «Diskriminatzailea zen bi zentzutan: batetik, emakumeei galarazi egiten zitzaielako ostegun gizen egunean joatea; bestetik, bazkide batzuk nahi zutenekin joan zitezkeelako, eta beste batzuek ez geneukalako aukera hori».
Ez zioten kasu egin; areago, hurrengo urtean, 2009an, batzarrak bere egin zuen arau hori.

2011ko inauterietan eman zuen pausoa: arautegiari jarraituz, listan apuntatu zituen bi gonbidatuak, emakumezkoak. «Bigarren epealdian, bazkide eta gonbidatu guztiek ezabatu zuten izena. Nire bi gonbidatuak eta ni azaldu ginen Gure Kaiolara». Gainerakoak beste leku batera joan ziren afaltzera. «Umiliazioa izan zen hori».

«Babesik ez» udaletik

Udalera jo zuen. Jokin Bildarratz (EAJ) zegoen alkate. «Ostegun gizen hartan elkartera etorri zen. Babesa eman zidan, eta esan zidan egingo zela zer edo zer». Txostena egiteko eskatu zion alkateari: «Tolosako Udalak onartu zuen bere garaian berdintasuneko udal ordenantza oso aitzindari bat, eta horren argitan diskriminaziorik egon zen edo ez esateko». Bozak izan ziren segidan; Ibai Iriartek (EH Bildu) hartu zuen alkatetza. Hitz egin zuten. «Zinegotzi batek bidali zidan mezu bat, esanez elkarteko zuzendaritzakoak prest zeudela nirekin hitz egiteko». Ez zion inork deitu. «Iriarteren gobernua ez zen nirekin harremanetan jarri horretaz hitz egiteko». EAJ dago berriro alkatetzan. Arakamari ez dio inork deitu, nahiz zinegotzi bati egoera aipatua dion.


Arartekora jo zuen udalaren jarrera ikusita. «Ez dit eman babesik». Salaketa jasota, udalarekin hitz egin zuen Arartekoak, eta galdetu zion Gure Kaiola elkarteari diru laguntzarik ematen ote dion. «Ahalegin asko egin ditugu kontu hori argitze aldera, baina oraindik ere ez dugu lortu», dio ebazpenak. Udalak ez die informazioa eman 2012tik aurrerakoaz. Badakite lehenago behintzat jasotzen zuela dirua. Hori legeen aurkakoa dela ohartarazi dio Arartekoak udalari: elkarte diskriminatzaileak ezin dira diru publikoz lagundu. Atzera egiteko eskatu dio, hortaz. Goraipatu du elkarteekin lanean ari direla Tolosan, eta hor jarraitzeko eskatu dio udalari: ebazpenaren arabera, gaur egun 30 elkarteetatik hamaseik ez dituzte andreak onartzen —2010ean, seik onartzen zituzten andreak—.

Protokoloa sinatu zuen Gure Kaiolak ere. «Praktikan, ez du ezer egin». Emakumerik ez dute onartu bazkide gisa. «Bi herenen babesa behar da; iaz batek erdiena baino gehiagorena lortu zuen, baina bi herenera ez zen iritsi boto batengatik». Gaur ez da joango afaritara. «Bazkideak soilik joan gaitezke orain: guztiak gizonak».


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina