Emakumezkoen futbola oso indartsu agertu da Zarauzko hondartzan
Zarauzko hondartzako futboleko torneoak beti izan
du ospe handia. Kirol honek aldakuntza dezente izan ditu eta zaila egiten da
lehen zuen ospea mantentzea. Hala ere, azkeneko bost bat urteetan emakumeak
agertu dira, eta beren lehiaketa, gainera, indartsu dator.
Jon LEUNDA
Kontxako eta Zarauzko hondartzako lehiaketak izan dira
ospe eta izen handikoak hondartzako futbolaren barruan. Bi lehiaketa hauek
Gipuzkoako futbolaren harrobitzat hartu izan dira. Futbolak, ordea, aldaketa
asko izan ditu azken urte hauetan, eta bi lehiaketa hauek beherantz egin dute,
eta ez dute orain dela urte batzuk zuten indarra. Hala ere, biek aurrera egiten
dute, eta Zarauzko hondartzan, emakumezkoen torneoa sekulako indarra hartzen
ari da.
«Orain dela bost bat urte hasi ginen
jokatzen. Hasieran zortzi talde izan ziren, baina
urtetik urtera gora doa, eta uste dut horrela jarraituko duela», dio Aitziber
Garmendiak, Arazi Txangurro taldeko jokalaria da bera, eta lehiaketa honen
bultzatzaileetako bat. Izan ere, Zarauzko txapelketa honetan, lehen zelai
handian edota areto futbolean ibilitzako jokalari ugarik egin dute topo.
Bertan, Añorgan, Oiartzunen edota Hegoalde taldeetan jokatutako hainbat lagun
ikus daitezke, eta ez hiru horietakoak bakarrik, baita beste hainbat taldetan
ibilitakoak ere.
«Hasiera batean honen antolatzaileek ez zuten uste guzti
hau lortuko genuenik», dio Aitziberrek. «Badakizu, emakumeok askotan temati
samarrak izaten gara, eta egin behar genuen horrekin aurrera egin genuen.
Zortzi bat talde izatea beharrezkoa zela esan ziguten. Talde bakoitzak hamabost
bat fitxa behar ditu. Azkenean, dena lortu genuen, zortzi talde osatu genituen,
eta hortxe abiatu zen lehiaketa», eransten du.
Izan ere, hasiera hura oraindik gertu badago ere, gauzak
aldatuz doaz, eta hobera, gainera. Torneoak indar handia hartu du, talde
kopurua gehitzen ari da, eta joko maila ere bai. «Argi dago mailak gora egin
duela. Lehen futbolean edo areto futbolean ibilitako jende asko dago. Hasiera
batean helburua ongi pasatzea zen. Helburu horrek orain ere bere horretan
jarraitzen du, baina horri irabaztea gehitu zaio. Lehiakortasun handia dago,
eta talde bat osatzerakoan ez da edonorengana joaten. Baldin badakizu norbait
futbolean edo areto futbolean aritu dela, eta utzi egin duela, haren bila zoaz.
Taldeak ere gero eta indartsuago datoz», dio Aitziber Garmendiak.
Futbolean bertan ere gauzak nabarmen aldatu dira. Orain
dela urte batzuk, lokatza ohikoa izaten zen zelaietan, eta are gehiago aurtengo
moduko negua eginez gero. Orain, ordea, belar artifiziala duten zelaiak dira
gehienak, eta han ez dago lokatzik. Hondartzako futbolean, ordea, askoz gehiago
zikindu behar da, eta gogorragoa da. Gaur egun, bai mutilek, bai neskek, zelai
moderno horietan jokatzea nahiago izanda, hondartzako lehiaketak duen xarmaz
hitz egiten du Garmendiak.
«Oso giro berezia da. Egia da, zelai arruntean edo
kiroldegi batean jokatzea baino askoz ere zailagoa dela hau. Hemen jokatuz,
askoz ere gehiago nekatzen zara. Hondarraren arabera ere izan ohi da, baina
izaten dira egunak, gogor-gogor eginda zaudenak. Futbolean aritu eta hurrengo
egun batzuetan mugitzea nekeza egiten den astelehenik ere izaten da, baina
honek xarma berezia du. Behin hasi, eta gero uztea zaila izaten da», dio
zarauztarrak.
Giro bikaina
Izan ere, torneo honen inguruan sekulako giroa sortzen
dela onartzen du Aitziberrek: «Eguraldi ona eginez gero, partiden garaian jende
asko batzen da partidak ikustera, eta giro berezia izaten da, han hondarretan.
Finalen egunekoa ere zirraragarria izaten da. Dena amaitutakoan bazkari bat
izaten da, eta egun osoa ematen dugu elkarrekin. Jende askok hurrengo eguna jai
hartzen du, finalen egun horretaz nahi adina gozatzeko», diosku Arazi taldeko
jokalariak.
Partidak jokatu aurretik, ordea, lana ere egitea
egokitzen da, izan ere, hondartza ez da zelai arrunt bat, eta aurretik dena
prestatu behar izaten da, eta amaitutakoan lehen bezala utzi: «Aurretik zelaia
markatu behar da. Dagokion moduan jarri behar da, gero futbolean aritzeko. Gero
ateak ekarri, jarri, dena egin behar izaten da. Amaitutakoan, atzera ateak
hartu, eta txukun-txukun gorde behar dira. Egin beharra dago, baina pozik
egiten dugu», esaten du Aitziberrek.
Zelaia atontzeak ematen duen lanaz gain, dirua ere batu behar
izaten da. Parte hartzeko ordaindu egin behar izaten baita. Baloiak erosi behar
izaten dira, eta epaileak ere ordaindu behar dira. Jantziak ere lortu behar
dira, beraz kostu batzuk izaten dira, eta horri aurre egiteko babesleak ere
bilatu behar izaten dira.
«Hemen lehiatzeko dirua behar da. Izena emateko ordaindu
behar da, baloiak ere guk jartzen ditugu, eta epaileak ere bai. Nahiz eta
partidak beti Zarauzko hondartzan jokatu, beti talde bat izaten da `etxekoa',
eta bestea `kanpokoa'. Etxeko bezala aritzea egokitzen zaionak egin behar ditu
lan horiek. Jantziak ere behar ditugu, baina normalean denok topatzen ditugu
babesleak. Hemen parte-hartzeak izena ematen du, komunikabideetan ateratzen
zaituzte, jende asko doa ikustera, eta enpresen izen hori asko erabiltzen da,
beraz, ez da arazorik izan, orain arte, behintzat, babesle horiek topatzeko,
eta aurrerantzean ere ez izatea espero dut», dio Garmendiak.
Aitziber bera ere lehen futbolean ibilitakoa da, eta bera
bezala zelai handian edo txikian jokatutako ugari dabiltza, eta horrek maila
asko hobetu duela onartzen du: «Lehen futbolean ibilitakoak gara gehienak, eta
hori nabaritzen da. Lehiakortasun hori zainetan daramagu, eta hori ikusten da.
Añorgan, Oiartzunen, Anaitasunan edo Lagun Onak taldeetan ibilitako ugari dago,
baita beste talde batzuetakoak ere. Ligan lehen postuan Rovellik amaitu du,
Tolosako taldeak. Jokalari gehienak Hegoaldean aritutakoak dira, areto
futboleko Ohorezko Mailan. Gero, Kupela taldea dago. Hor eskubaloian jokatutako
jendea dago, eta batzuk orain ere aritzen dira», esaten du.
Zortzikoa
Nesken hondartzako futbolean zelaia mutilena baino
laburragoa izaten da, eta zortzi jokalarik osatzen dute, atezainak, eta zelaiko
zazpik. Bi zati izaten dira, eta bakoitzak 35 minututako iraupena izaten du.
Partidak, beti, marearen arabera antolatzen dira, marea behean dagoenean izaten
baita, eta partidak dauden egunean, Zarauzko hondartzaren itxura liluragarria
izaten da, hondartzaren alde batetik besteraino futbol zelaiak osatzen baitira.
Baloiak zelai handian erabiltzen diren berak izaten dira,
eta arautegia ere ia bertsua erabiltzen dute. Jokoz kanpokoa aldatzen da, eta
hori zazpiko futbolean egiten den moduan egiten dute. Area handiko marra,
alboko marraraino luzatzen da, eta handik aurrerakoa izaten da jokoz kanpo.
Oinetakoak erabiltzen dituzte neskek, areto futboleko
zapatilak izaten dira, eta hor badute mutilekin beste ezberdintasun bat, horiek
hanka hutsik jokatu behar izaten baitute. Parte hartzen duten jokalarien
adinari begiratuta, ezin esan gaztetxoak aritzen direnik, nahiz eta adin
guztietakoak diren: «Adin guztietakoak gara, baina askotan lehen futbolean
aritutakoak gara. Aurten ez, baina lehen amak direnak ere aritu izan dira
jokatzen», dio Aitziber Garmendiak.
Lehiaketa unerik beroenean dago, Ligako finalerdiak ari
baitira jokatzen. Martxoko azkeneko igandean jokatu zituzten joanekoak, eta
bertan Rovellik Xixario Erretegiari irabazi zion, eta Arazi Txangurroren eta
Oteizaren arteko dema, berriz, berdinean amaitu zen.
Itzulerakoak apirilaren 19an jokatuko dira, eta
apirilaren 26an, berriz, final handiak izango dira. Ligako lehenengo laurek
bakarrik lortzen dute, ordea, finalerdietan sartzea, beste guztiek Kopan
sartzen dira, eta haiek norgehiagoka bakar batera jokatzen dituzte kanporaketak,
finaleko eguna egun berean izateko.
Talderik gehienak zarauztarrak dira, baina ez denak,
Aitziberrek dioen moduan: «Gehienak gara zarauztarrak, baina badaude kanpokoak
ere. Ligako finalerdietan, esaterako, Rovelli eta Xixario Erretegia daude.
Lehenengoak Tolosakoak dira, eta bigarrenak, berriz, Oriokoak. Dena dela, talde
gehienak zarauztarrak izan arren, talde bakoitzean bat baino gehiago dago
kanpokoa dena. Azpeitiarrak, azkoitiarrak, getariarrak, donostiarrak, hainbat
herritako jendea egoten da taldeetan», dio Garmendiak.
Horrek entrenamenduak behar bezala egitea galarazten omen
du, baina jendea ondo prestatuta omen dator: «Hasi ginenean talde guztiak
entrenatzen ginen, baina leku ezberdinetako jendea baldin badago taldean, asko
kostatzen da hori lortzea. Hala ere, jendea oso prestatuta dator. Bere kabuz
kirola egiten du, eta sasoiko heltzen dira partidetara. Alde horretatik ez dago
inongo arazorik», dio jokalari zarauztarrak, izan ere, emakumezkoen futbolean
eta emakumezkoen areto futbolean izen garrantzitsuak izan diren jokalari bat
baino gehiago ikusten da Zarauzko hondartzan lehiatzen.
Etorkizun oparoa
Torneo honek indar handia hartu du, antolatzaileek
hasieran uste zutena baino handiagoa; agian, hau bultzatzen aritu ziren neskek
uste zutena baino gehiago ere bai, baina gauzak ongi egin dituzten eta ongi
egiten ari diren seinale ere bada hori.
Denek garbi dute honek aurrera egingo duela, eta gero eta
indar handiagoarekin: «Nik uste dut baietz. Agian aurten aritu den talderen
batek heldu den urtean utz lezake, baina besteren bat edo bi agertuko dira,
horretan ez daukat inongo zalantzarik. Aurrez aipatu bezala, lehiakortasuna
gero eta handiagoa da. Hamahiru talde baldin bagaude hemen jokatzen, horietatik
zortzi bat txapelketa irabaztera ateratzen gara, eta horretara gatoz jokatzera,
baina guztiaren gainetik, ongi pasatzea da helburua, eta hori ere ederra da,
baita lehen zurekin aritu den jendea ikustea ere. Gero, hor batzen den giro
hori ere xarmangarria da, eta guzti honek indarra hartu du, eta seguru nago gero
eta talde gehiagok nahiko duela hemen parte hartu. Hasteko zortzi talde ginen,
eta oso urte gutxian kopuru horri beste bost talde gehitu zaizkio, eta hori oso
berri ona da», aitortzen du Aitziberrek.
Orain txapelketako alderik politena geratzen da. Alde
batetik Ligako finalerdien itzulera, eta Kopako finalerdiak, eta apirilaren
azkeneko igandean, berriz, final handiak. Horrekin amaituko da aurtengo
denboraldia, eta batzuek helburuak bete ahal izango dituzte, eta beste batzuek,
berriz, ez. Hori ahaztuta, datorren urteari begira jarriko dira hainbat,
berriro ere lehiaketa abian jarri, eta dena hobetzeko asmoarekin. Aurtengo
jokalari batzuek jarraituko dute, eta beste batzuek ez, baina haien lekua berri
batzuk hartuko dute, lehiak orain arte bezala jarraitzeko.
«Beti ari zara utzi behar duzula esaten, garaia dela,
baina hau barruraino sartzen da, eta berriro ere aurrera edo atzera egiteko
ordua heltzen denean, aurrera egiten duzu. Honek badu zerbait berezia», esaten
du Aitziber Garmendiak.
Bera eta bera bezalako hainbati esker jokatzen da
emakumezkoen torneo hau, urtetik urtera hobetuz, eta horrela segitzeko
itxaropenarekin. Partidak dauden egunean Zarauzko hondartzatik txango bat egin
nahi duenak, hainbat eta hainbat partida ikusi ahal izango ditu. Hasi gaztetxoenetatik,
eta handienetaraino, bai mutilak, bai neskak.
Han ez dago ez harmailarik, ez hesirik, eta horrek
zirrara berezia ematen du. Garbi dago han aritzeko, gogoak ere handia behar
duela izan, ez baitago aldagelarik, ezta dutxarik ere. Eguraldi ona egiten
duenean denak gustura, txarra egiten duenean, nolabait moldatu, eta aurrera.
Guztia hain ongi joatearen ardura ere badu Zarautz Kirol Elkarteak, eta garbi
dago, honek beste urte askotan ere jarraitu behar duela.