ATZEKOZ AURRERA. AMINA SBOUI. TUNISIAKO LGTBI
EKINTZAILEA
«Ezin
ditugu gazte gehiago galdu lege eta tradizio ergelen erruz»
Sbouik dio Tunisian LGTBI mugimenduak
lan handia duela egiteko. Mendebaldearen presioa ezinbestekotzat jo du, baina
Tunisiako mugimenduak babesteko, ez jokabide ereduak inposatzeko.
Tunisiako hainbat erakunde
feministatan eta LGTBI eskubideen aldekotan parte hartu du Amina Sbouik (Gafsa,
Tunisia, 1994). Femen erakundean zegoenean egin zen ezagun. Hala ere, erakunde
hori utzi zuen, elkartea «islamaren aurkakoa» zela salatu ostean. 2013an
espetxeratu zuten pintaketa batengatik, eta, hilabete batzuk preso egon ostean,
Parisera joatea erabaki zuen. 2016an itzuli zen Tunisiara. Orain, Bilbon dago, Zinegoak zikloak
gonbidatuta.
Zein da LGTBI komunitatearen egoera
Tunisian?
Konplikatua da. Beste herrialde batzuetan baino hobeto gaude, baina arazoak ere
baditugu. Homosexualitatea legez kanpokoa da, eta kartzelatua izan zaitezke.
Horrez gain, gizartean bazterkeria handia dago, bereziki familien barruan. Lan
handia egin egiten ari gara egoera irauli ahal izateko. Espero dut bazterkeria
eta jazarpen judiziala laster bukatzea. Ezin ditugu galdu gazte gehiago lege
eta tradizio ergelen erruz.
2014ko konstituzioarekin hobetu da egoera?
Emakumeen egoerak hoberantz egin du. Hainbat adibide daude: Orain gutxi,
gobernuak onartu du emakume tunisiarrak gizon ez-musulmanekin ezkontzea. Emakumearen aurkako biolentzia baimentzen zuten
hogeita bost lege ere kendu dituzte. LGTBI komunitatearen eskubideei dagokienez,
okerrera egin du egoerak.
Zergatik egin du okerrera?
Okerrera egin du eztabaida erdigunera eramatea lortu dugulako, eta horrek
politikari, erlijioso eta gizarteko zenbait sektoreren haserrea eragin duelako.
Nola egin aurre jazarpenari?
Bakoitzak bere moduak ditu. Egun, lau elkarte ari dira LGTBI komunitatearen
eskubideen alde lanean, eta bakoitzak bere bidea hartu du.
Facebooken biluzik agertu zinen. Biluzteak lortu du ezer aldatzea?
Argazkiaren aurretik, inork ez zuen hitz egiten Tunisiako feminismoaz. Ostean, Mendebaldeko hedabide guztietan agertu zen, eta hori gertatzen
denean, tokiko gobernuek ezin dute beste alde batera begiratu. Diru laguntzak
Mendebaldetik jasotzen dituzte, beraz, ezin dute eskubiderik urratu begira
dituztenean. Argazkia hedabideetara heltzeak lagundu zuen.
Mendebaldearen presioa ezinbestekoa da?
Tokiko gobernuak zerbait gaizki egiten ari direnean, eta Mendebaldeak
gelditzeko esaten dienean, men egitea beste aukerarik ez dute.
Mendebaldetik abiatutako kanpainetan, ordea, ezjakintasuna eta islamaren
aurkako jarrerak nagusitzen dira, sarritan.
Mendebaldeko ekintzaile ugarik uste dute beren herrialdetan garaipenak lortu
dituztelako ahalmena dutela guri erakusteko nola jokatu behar dugun.
Nagusitasun jarrera horrek arrazakeria ezkutatzen du. Arazoa ez da erlijiosoa,
kulturala baizik. Beti diot feminismoak eta LGTBI mugimenduak etsai bera
dutela: gizarte patriarkala. Mendekotasun harreman hori Europan ere badago,
baina, islama erabiltzen dute aitzakia gisa, beren burua islatuta ez ikusteko.
Ezin da ezarri, beraz, Europako ikuspegi bera.
Ez, baldintzak ezberdinak direlako. Europan homosexualak zigortzen zituzten
garaiko baldintzak eta Tunisiako egungoak ez dira berdinak. Mendebaldeko
mugimenduak inspirazio iturri izan daitezke, baina inoiz ez jarraibide. Mendebaldeko ekintzaileek babestu egin behar
gaituzte, ez agindu zer egin behar dugun.
Erbestean zinela nabaritu zenuen
nagusikeria hori?
Frantzian nintzela, sarritan etortzen zitzaizkidan irakasgaiak ematera.
Barkatu, baina ez duzue ezagutzen nire herrialdea, ez zarete han izan eta ez
dakizue nola funtzionatzen duen gizarteak. Are gehiago, ni naiz arriskatzen
dena. Zerbait oker ateratzen bada, ni joango naiz kartzelara, ez zu.
Horregatik itzuli zinen Tunisiara?
Inor ez doa borondatez erbestera. Kartzelan egon ostean, ikasketak bukatzeko
aukera bakarra Frantziara joatea zen. Behin ikasketak bukatuta, itzultzea
erabaki nuen. LGTBI mugimendua orduan hasi zen indarra hartzen, eta parte izan
nahi nuen. Mehatxatuta nago bai, baina, normala da. Horrelakoetan parte hartu
ostean, ezin nuen espero bizitza normala izatea.
Gobernua ere aurka duzu.
Ia hilero salaketaren bat jasotzen dut. Hala ere, ez nago arduratuta.
Mendebaldeko hedabideetan agertu naiz, beraz, nolabait babestuta nago. Beste
ekintzaile batzuen egoera larriagoa da: torturak, jipoiak, hilketak... Zurien
pribilegioa dudala esan dezaket. Horregatik, lortu dudan babesa baliatu behar
dut hasitakoa bukatzek