Maiatzaren17an,
ikastetxe koloredunak LGTB+ fobiaren aurka
Bihar, maiatzak 17,
ostadarraren koloreek hegaz egingo dute hainbat ikastetxetan, eta berdina
gertatuko da ehun herri baino gehiagotan ere, bertan harrotasunez elkartuko
baitira indarkeriaren eta LGTBI+ komunitateetako pertsonen diskriminazioaren
kontra borrokatzeko.
LGTBI+ siglen atzean kolektibo eta
errealitate anitzak azaltzen dira: emakume homosexualak (lesbianak), gizon
homosexualak, transexualak, bisexualak, eta intersexualak. Talde zabalagoa
izateko asmoz, “+“ ikurrarekin ateak zabalik uzten dizkiete sexu-genero fobiak
pairatu ditzaketen beste kolektiboei.
Homofobia eta transfobiaren kontrako eguna
maiatzaren 17an ospatzen da, 1990 urteko egun hartan Osasunaren Munduko
Erakundeak (OME) gaixotasunen zerrendatik kendu baitzuen homosexualitatea.
Lorpen handi hura ospatzeko asmoz eta homofobiaren kontrako
sentsibilizazioa lantzen jarraitzeko xedeaz, adostu zuten egun hori. Gainera,
horrelako egun zehatz bat izateak aukera eman zien Nazio Batuen
Erakundean (NBE) proposamena aurkezteko eta homofobiaren kontrako egunaren
onespena lortzeko. Harrezkero, erakunde publiko batzuek ere bat egin zuten,
eta, gaur arte, gero eta atxikimendu gehiago lortzen ari dira hainbat herri eta
instituziotan.
Lege-eskubideei dagokienez, LGTB+ kolektiboak askotariko egoerak bizi ditu munduan zehar eta horrek eragin
handia du beraien eguneroko bizimoduan. Dena den, herri askotan, nahiz eta
lege-berdintasuna lortua izan, errealitatea oso diskriminatzailea da eta
ohikoa izaten da sexu-orientazioagatik edota sexu-identitateagatik biolentzia
pairatzea, ikastetxeetan, kaleetan, kiroletan edo lantegietan.
LGTBI+ mugimendua euren eskubideen alde,
etengabe, borrokatzen ari da. Lege egokiak aldarrikatzen eta gizarteari
errespetua eskatzen dioten bitartean, hezkuntzarako hainbat material eta
proposamen egiten ari dira, argi baitute hezkuntzan dagoela gizartea
aldatzeko aukera.
GALEk (Global Alliancefor LGTB+
Education) mapa bat argitaratu du Europako estatuak martxan jartzen ari
diren LGTBI diren ikasleen eskubideak islatuz.
Euskadiko Erkidegoan hainbat ikastetxetan,
euren komunitateekin batera, jo eta ke ari dira lantzen aspalditik gaiari
lotutako eduki asko, Hezkuntza Sailak sustatuta eta BERDINDU zerbitzuaren eta Arartekoaren
laguntzarekin. Denek dituzten helburuak, laburbilduta, honako hauek dira: sexu
aniztasunari eta norberaren identitateari errespetua lortzea, familien
aniztasuna ikustaraztea eta LGTB+ fobiarik gabeko ikastetxe seguruak izatea.
Nahiz eta azken bolada honetan
aurrerapauso handiak lortu diren, oraindik eskubide eta askatasuneranzko bidean
lan gehiago egitea behar-beharrezkoa da, eta, lan sistematikoa alde
batera utzi gabe, maiatzaren 17a geletan eta ikastetxeetan ondo ospatzea
aurrerapauso handia izan liteke.
Egilea: Isabel Mendizabal
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina